
Nor gara
Emakumeon Etxea kogestio ereduan oinarritzen da. Udalarekin dugun hitzarmenari esker, etxearen kudeaketa elkarteko bazkideen esku dago. Dinamizatzailearen laguntza eta boluntarioen parte-hartzea uztartuz.
Elkartearen helburu nagusia emakumeon ahalduntzea bultzatzea da eta genero berdintasuna sustatzea bizitzako esparru guztietan: soziala, politikoa eta ekonomikoa.
Zertarako behar dugu etxea?
Etxea gure artean ezagutzeko eta aliantzak eraikitzeko espazio fisikoa da. Emakumearen papera eta rola hain markatua dagoen gizarte honetan, epairik gabeko guneak sortzea ezinbestekoa da, lasaitasunez hitz egiteko, elkar entzuteko eta gure benetako nahiak adierazteko aukera izateko. Osasun emozionalarekin zuzenean lotutako proiektua da, bizitzak hobetzeko helburua duena. Taldearen balioa eta indarra aldarrikatzen ditugu. Izan ere, bakarrik egin ezin duguna, taldean eginda posible bihurtzen baita askotan.
Nola egiten dugu lan?
Izaera komunitarioa duen proiektu kolektiboa da, herritarren konpromisotik jaioa, eta komunitateari irekia. Etxea proiektu bizia da, herritarrekin batera eraldatzen eta sortzen doana. Testuingurura eta etengabe aldatzen ari den errealitatera egokitzen saiatzen gara, emakume guztion beharrak eta nahiak aintzat hartuz.
Dinamizatzailearen laguntzaz, emakume ezberdinek boluntarioki eta elkarlanean egiten dugu lan. Horretarako, lan-taldeetan antolatzen gara bakoitzaren gaitasun, denbora eta aukeren arabera.
Bakarrik egin ezin duguna, taldean eginda posible bihurtzen da askotan.
Zuk ere parte hartu nahi?
Guztion artean sortu eta eraikitzen dugu eta parte hartzen duzuen guztiek bizia ematen diozue etxeari. Denon eskuak behar ditugu etxearen izaera komunitarioa indartzeko. Jakintza, esperientzia eta ekarpen guztiak garrantzitsuak dira. Beraz, parte hartu nahi baduzu, hurbildu lasai: elkarrekin aurkituko dugu zure lekua eta parte hartzeko modua!
Nola har dezaket parte?
Parte hartzeko modu asko daude: lan-taldeetan arituz, une puntualetan lagunduz edo ideiak eta proposamenak elkarbanatuz. Guztion ekarpenak dira garrantzitsuak. Honela lagundu dezakezu, besteak beste:
- Ideiak eta proposamenak partekatuz.
- Egun konkretuetan laguntza eskainiz.
- Kartelak jarriz herriko txokoetan.
- Ahoz aho Emakumeon Etxearen berri emanez zure inguruan.
Etxea guztion artean eraikitzen dugu!
Lan-taldeak:
- Programazioa
- Komunikazioa
- Kaleak astintzea
- Finantziazioa
- Harrera
- Kafe tertulia
- Baratza
- Azoka
- Tuneo tailerra
Eta noski, sortzen diren behar eta nahi berriei erantzuteko talde berriak ere osatzen ditugu. Zatoz eta egin dezagun bidea elkarrekin!
Gero eta gehiago gara!
Elkartearen parte izan nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan.
